Emakumearen sexualitatea eraikitzeko beharra: Aztertzeko dagoen gaia
Elena Jimenezen artikuloa da,
EUSKAL BORROKA FEMINISTA aurrera!!
liburuan kokatua. Liburua Egizanek argitaratu zuen 1999tan; pp.39-47.
1 Abiapuntua. Sarrera. Pertsona sexuatuak gara.
Sexualitateaz hitz egiterakoan, nahasketak ebitatu eta elkar ulertu ahal izateko zein sexualitate kontzeptutik abiatzen garen zehaztea derrigorrezkoa gertatzen da. Tabuak, hitz-komodinak bihurtu ditu sexu, sexualitate eta antzeko hitzak. Ez da zaila gertatzen sentsazio, praktika, identitate, sentimendu, koito, 69ak, mamadak… edo antzekoen ordez agertzea; eta alderantziz, esanahi zabalagoa eduki zeezaketen beste zenbait kontzeptu sexu, sexualitate, amodioa egitea, "egitea", "hori egitea"…, pentsamendu kolektiboaren erruz, koitora murriztuak izatea.
Argi hitz egiten ez denean, jende guziak ulertzen du gauza berataz hitz egiten ari garela, larrua jotzeaz, alegia. Aipatzen ez dena ez da existitzen, beraz, garrantzitsua da gauza bakoitza bere izenarekin deitzea edo hitz berriak asmatzea izendatu ezin dena (ezin delako egin) ager dadin, izan dadin. Sexualitatea maindirepean mantentzeak, krisketa ondo itxita eta izendatu gabe, ezarri diguten eredua mantentzen laguntzen du, askotan, modu oker batez, geure aukera izan dela uste dugun arren.
Errealitate sexualaren azterketarako geure abiapuntua pertsona da, sexuatua ezinbestez. Giza izate sexuatua, gertakizun, egitura, bizipen eta konpartimenduetan sakonki sartzea suposatzen du. Hau guzia ulergarria gertatzeko pizkanaka joko dugu aurrera.
Nola eta zein pauso edo prozesuren bidez egiten da pertsona bat neska/mutiko, emakume/gizon? Zer gertatzen da eta nola, pertsona bakoitzaren curriculum vitaean era batez edo bestez sexuatzen joateko?
Efigenio Amezuaren Giza izate sexutuaren teoriaren bidez, pertsonaren konplexutasuna azaltzen saiatuko gara ahalik eta modu errezenean. Hiru dimentsioko kontzeptua dela esan genezake, hiru erregistrorekin: Sexua, sexualitatea eta erotika. Kontzeptu hauei eransten dizkiegun asoziazio pertsonal edo kulturalak alde batera uztea komeni da, beste berri batzuei lekua egin ahal izateko.
Genetikoa/kulturala, berezkoa/bereganatutakoa, eztabaida klasikoaren aurrean, kontzeptu berri bat erabiliko dugu, bi muturretako elkarreragitean oinarritzen den kontzeptu berria.
Pertsona sexuatua, klasikoki, biologiko eta anbiental gisa zatitu diren elementu batzuen konbinaketaren bidez garatzen da: (Elementu hauei egitura edo maila deitzen zaie baita ere) kromosomikoa, genetikoa, gonadala, anatomikoa, psikologikoa, soziologikoa, kulturala… pertsonaren eraikuntzan parte hartzen duten elementuak dira guziak. Elementu hauek guziak martxan jarriko dira, batzuk besteak baino lehen, beste batzuk batera, eta besteak modu iraunkor batean. Une zehatz batzuetan, une kritikoak deitzen ditugunak, elementu zehatz baten eragina handiagoa izango da edo nolabait esateko, betirako ondorioak utziko ditu (bai elementu anbientalak baita biologikoak ere).
Honekin, lehenengo erregistroa azalduta geratzen da: sexua edo sexuazio prozesua. Hasiera batean, kromosomak izango dira eme, ar edo anbibalenterako bidea markatzen dutenak, (xx,xxy,xy…), bitartean, beste maila batzuk martxan ari dira, eragiten. Barne ugal-organoak eratzen joango dira (gonadak): obario eta barrabilak. Ondoren kanpoko ugal-organoak: ezpainak, bagina, zakila, barrabil zorroak... Era honetara maila ezberdinak batera edo txandaka ariko dira: psikologikoa, hormonala, soziala, kulturala. Maila bakoitzak puntu bat emango du ondorio gisa eskala batean, eskalaren mutur batetan arra eta bestean emea egongo direlarik.Honek beti ukatua izan den aukera bat ematen digu, emeak (baginadunak) ez daitezen izan ez femeninoak ezta ugaltzaileak ere.
Maila edo elementu hauen interakzio bidez ateratzen den emaitza pertsonalak, biografia pertsonala izango den prozesu honek sexualitatea eramango gaitu, sexuatua izateko modu partikularra, norberaren identitate sexuatua. Identitate sexuala norberak bere kontzientzian esperimentatzen duen norberarekiko perzepzioa da. Genero identitatea emakume bezala, anbibalentea (aukera ematen badiote) edo gizon bezala.
Erotika, berriz, sexualitate horren adierazpena litzateke. Gertakizunak, fantasiak, egiteko moduak, desira…
2 Interesa duten beste zenbait ohar:
1. Sistemaren egitura sozioekonomikoa familian oinarritzen da. Gune afektibo-sexual, ekonomiko-ugaltzaile honek ezinbesteko funtzioak betetzen ditu sistemaren lorpen eta mantentzean. Emakume eta gizon baten erakarpenean oinarritzen den egitura, beraien sexu-maitasuna seme-alabetan isladatuko dutelarik. Emakumea eta gizona, bi diskurtso ezberdinen fruituak dira, diskurtsoak osagarriak direla esan ohi da baina benetan, androzentrismoan oinarritzen dira eta emakumea egokitu egiten zaie hau guzia posible izan dadin.
Diskurtsoak, beraz, bi solaskide bereizten ditu: emakumeak eta gizonak (gogora ezazue eskalan agertzen den termino anbibalenteak ez duela hemen lekurik). Diskurtso honek maila edo elementu ezberdinetan eragingo du: soziologikoa, kulturala…sexuazio prozesuan parte hartzen duten egituretan eta ondorio iraunkorrak uzteko ahalmena dutenetan.
Victoria Sauk (1993an) zioen bezala, generoak bi alderdi ditu. Bata kolektiboa, norbera jaio den kulturaren espektatibetara egokitzen dena, eta bestea norbanakoa, indibiduala, norberak generoa nola bizitzen duen zehaztuko duena. Azken honek eratzen du genero identitatea, lehen esan dugun bezala, identitate indibidualaren ezinbesteko zatia da eta ez soilik kognitiboki, emozional eta afektiboki ere zuzendu egingo gaitu.
Hierarkizatutako eta ezberdindutako sexuazio prozesua. Emakumeengan edo gizoneengan balore batzuk besteak baino gehiago garatzen dira. Osatu gabeko pertsonak bultzatzen direla esan dezakegu ondorioz, ondo sentitu edo aurrera atera ahal izateko, ez direna eta falta zaiena behar dutelarik. Honela gizonarengan, segurtasuna, independentzia, nagusitasuna, ekintza, lehia, abentura, kirola, zientzia, esperimentazioa, kanporako islada, inteligentzia, espazioaren erabilera eta zentroko posizioa bultzatzen da. Iritzi sozialerako balore gorenak, arrakasta ahalbideratuko diotenak, boterea, garaipen ekonomikoa eta nagusitasun sentimendu bat emango diotenak. Emakumea, berriz, honen guziaren osagarri izatera bultzatuko da, gizonari sortzen zaizkion beharrak asetzeko egokituko da, poterera irits dadin utziz.. Emakumea, sozialki (une honetan behintzat) baloratzen ez den posiziora helduko da. Alboan edo inguruan egoteko posizioak bultzatuko dira emakumearengan, pertsonen arteko harremanen lotura zaindu, afektibitatea, ez du kanpoko mundua kontrolatuko, besteen zainketaz arduratuko da, asistentzialismoa, intseguritatea, dependentzia, sumisioa, praktikotasuna, elkartasuna, barnerako islada… beherago dagoen espazio batera murriztuko da. Nahiz eta biak ere nolabait, elkarren dependiente ere izango diren.
Elkarrekin bizi diren pertsonak, batzuk besteekiko nagusitasun sentimenduarekin sortzeak eta alderantziz, potere harremanak erabiltzea ahalbideratzen du, ia nabaritzen ez den ohitura gisa, beste pertsonak norberaren onerako menperatzeko.
2. Diferentzia elementu guziak ebitatzeko jarrera izaera unibertsaleko teorietan nabaria da. Garrantzitsua da gogoratzea "geure iraganak egituratu gaituela, geure jarrera sexual eta amodiozkoak kulturarengatik moldatuak izan direla, lenguaia, morala, literatura, artea, filosofia, teknika eta abarren bidez igorri den kulturarengatik." (D. de Rougemont). Interesgarria litzateke beraz, historian murgiltzea maitasuna eta sexualitatea ulertzeko era zehazteko eta, ondorioz, gaur egun horiek bizitzeko era historikoki zein neurritan eraiki den.
3. Sexuazio prozesuaren maila kultural eta sozialek balore batzuekin zipriztintzen gaituzte beste batzuk alboratuz eta nola edo hala, ezaugarri amankomun batzuk edukitzera garamatzate, identitate femeninoa izendatuko dugunera eta emakumeon artean falta ohi diren beste ezaugarri batzuek, berriz, identitate maskulinoa osatuko dute.
Norbera bizitzeko bi era, adierazteko bi era, bi gorputz, topaketarako bi desira ezberdin. Bai moralaren ikuspuntutik baita sexologiarenetik ere bultzatu den eredu sexualak gorputz bakar bat hartu du kontutan, desira bat, plazer modu bat, gizonarengan eta maskulinitatean oinarritutako eredua. Produktibitate ekonomikoaren mentalitatetik, baliogarria den plazer bakarra laborategian neur daitekeena da: orgasmoa. (baginaren kanpoaldeko herenaren inguruko giharretan ematen diren x kontrazio ritmikoak y segundutako tartean). Zakilak bagina igurtzeran ezinbestekoa da orgasmo hori sentitzea eta bestela galde diezaiogun geure buruari zerk egiten duen kale.
Neur daitekeen plazerra= orgasmoa, ugaltzailea, koitoa izar bezala duelarik, heterosexuala. Izaera fisikoa duena, gihar batzuen kontrakzioa denbora zehatz batzuetan legetzat hartu eta jendearengana isladatzen dute.
Ondorio gisa:
Bruckener eta Finjielkrant-en esaldi hauek esanguratsuak dira oso:
"Diskurtso maskulinoak ez dio emakumeari esaten: obeditu!, baizik eta…"
Feminitatearen ideal modernoa ez da birginitatea ezta amatasuna ere, baizik eta….
Ilusioa, fantasia, emozioa… neurgarriak izan arte, ez dira aintzat hartzeko modukoak izango.
Gorputza bere osotasunean ikusteko, kontutan hartzeko eta disfrutatzeko garaia iritsi da, bere karga psikologiko guziarekin, sozialki, kulturalki sortutako gorputza, bere bibliografia pertsonala eta guzti. Mila joku (ez esklusibitate koitala bakarrik) pertsona berdinen arteko topaketa, gune afektibo desberdinak ahalbideratuko dituen errespetutik. Kontuz! Ekonomiak ez dezala gure sexua gidatu!
3. GORPUTZ FEMENINOAN OINARRITUTAKO SEXOLOGIA?
XX mendeko sexualitateak gizonezkoaren gorputza hartu du erreferentetzat. XXI. mende atariko sexualitateak jakin nahi du berriz, ezin ote den emakumezkoaren gorputzan oinarrituko den sexologia berri bat eraiki.
Hasiera batean sexualitatearen inguruko diskurtsoa, sexualitatearen kanpokaldetik zetorren, diskurtso moralista zen: zer zen ona eta zer txarra, zerk hurbiltzen gintuen Jaungoikoarengana eta zerk jartzen gintuen pekaturako bidean. Hemendik ezarritako eredua, senar-emazte, familiaren birsorkuntzara zuzendutako eredua da, gainontzeko guziak alboratzen dituen eredua (homosexualitatea, masturbazioa, 69a, koitoa ez den beste ezertan denbora alperrik galdu gabe...)
Freud-ek eman zuen eredua, birsorkuntzarako eredua da eta gizonezkoaren gorputzetik emana dago. Begi bistan dagoen erekzio eta eiakulaziotik abiatuz karga-deskarga, hasera-bukaerako plazerrean oinarritutako sexualitate eredu bat proposatzen da. Plazer femeninoaren kategorizazioari buruz honakoa dio: " Sexualitate femeninoan plazerraren desplazamendu bat ematen da (neskatoaren) klitorisetik (emakumearen) baginara. Desplazamendu hau ematen ez bada, heldutasun sexual eza dagoelako da". Kontutan hartu behar da garapenaren diskurtso baterako klitorisa sobran dagoela, plazer normala (birsortzailea, koitala) zalantzan ez jartzeko, baginan zentratu beharra dagoela, honexegatik desplazamenduaren beharra, gizonaren gorputzerako emakumearen menpekotasuna. Oraindik ere hain zabaldurik dauden orgasmo baginal eta koitalaren inguruko galderak gogoratzea nahikoa da, hau guztia indarrean dagoela ohartzeko.
Planteamendu honen arabera, beraien artean osagarri diren bi diskurtso bideratzen dira:
* Gizona, erekzioaren ebidentziatik abiatuz, desio fisikoa, instintoa, ekintza sexualerako (koitorako) desioa duena izango da, sujetua beraz, beharra eta premia duena, aktiboa, zakil-sartzailea, espektatiba guztien gorena. Eiakulatzen duenez, plazerra eta orgasmoa dituena izango da, harremanari bukaera ematen diona, asetua edo guztiz nekatuta amaituko duena gero erlajatuz.
* Emakumeari eredu honek desioaren objetua izatearen papera ezartzen dio. Bere pasibotasunean ederra, polita, desioaren sortzailea izan beharko du baina probokatzera iritsi gabe, gizartean horrelakorik onartzen ez delako, bere gorputzean agerian ez daukana bilatzen ibiltzea gaizki ikusia dagoelako. Emakumeak beraz, ez du desiorik, bere ahultasuna eta samurtasunagatik, babesa, maitasuna eta sujetu indartsu aktibo bat beharko du; ez du koitoaren beharrik, ez du desiatzen, penetratua izan behar duena da, (behin ezkonduz gero) beti prest egon beharrekoa; eiakulatzen ez duenez, ez du plazerrik eta ondorioz ez da asetua izango.
Reich-ek ere Freud-en "Karga-deskarga" planteamendu berbera jasoko du bere ereduan: "Orgasmoa, libidoaren iturburu somatiko bezala, ezitazio maila ezberdinetan ematen da: tensioa, karga, deskarga, erlajazioa." Bere oinarria bikote heterosexual eta birsortzailea izaten jarraituko du, plazer birsortzailea eta orgasmo koitala. Bai gizon bai emakumearentzako plazerra hala nola berdintasuna, orgasmorako beharrezko bezala aldarrikatuko ditu baina... Zein plazer kontzeptu?
Ez du emakumezkoaren gorputzaren azterketa sakonik egingo, dagoen eredura (maskulinora) egokitzeko ez bada. Emakumearen errealitate sexuala aztertu ordez, berau zein izan beharko lukeen definitzera mugatuko da. Eredu maskulinoaren hedatze lana izango da: gizonezkoengan hala bada, emakumezkoengan ere hala beharko du. Emaitza: Emakumea aurrez ezarritako plazerraren teoriari egokitu beharko zaio.
Masters eta Johnson-ek (1966) laborategian egindako ikerketek ematen duten izaera "zientifikoarekin" giza gertaera sexualaren zikloa ezagutarazi eta zabalduko du, uniformea eta unibertsalaren ezaugarriak emanez: Ezitazioa, mantentze tartea, orgasmoa, erresoluzioa
Mary Jane Sherfey-k 1963rako emakumearen sexualitatearen inguruan izkutatzen ziren deskubrimenduei buruzko salaketa argitaratu zuen bere liburuan. Era berean, deskubrimendu hauek ikertu eta sakontzeko interes eza agerian utzi zuelarik, kulturak, sexualitate femeninoa suntsitzeko duen beharraz ohartarazi gintuen eta orgasmo baginal-klitorideoaren arteko dikotomia hankaz gora jarri zuen.
Orgasmo bakarra ematen dela dio, estimulazio fisikoen bidezkoa izan, zein estimulazio psikologikoen bidezkoa ere bai.
Shere Hite-k 1976ean argitaratzen duen sexualitate femeninoari buruzko txostenak garbi uzten du honek maskulinoarekiko dituen aldeak: ez dago penetrazio baginalerako desiorik, ez koitorako grinik, ez plazer fisiko hutsik; gehienbat, laztanen aldeko joera nabarmentzen da, gorputza bere osotasunean hartzen delarik plazer iturburu gisa, emotibitateari garrantzia emanez, plazerraren kontzeptu neurgaitz baten aldeko joera gailentzen delarik...
Gaur egun sexualitatea ez da hain egitura itxian aurkitzen , masturbazioa arrunta da gazteen artean (askotan, orgasmorako ikasketa metodotzat hartzen delarik); gay eta lesbianak onartzen dira eta ez dira gaixotzat hartzen; bizigarri sexualen dendak ugaritzen ari dira; prostitutek eduki beharreko eskubideez hitzegiten da... gutako askok, halere, indarrean dagoen eredu bakarra betikoa dela uste dugu, eta horrexegatik egile ezberdinetara jo eta gai hauetan murgildu gara.
Sexuaren kontzeptuaren baitan aldakorrak diren definizioak ematen dira. Sexuaren baitan, sortzea, aldatzea eta egokitzea dago. Genesisen Jaungoikoak Onan zigortzen du hazia lur antzuan isurtzeagatik, masturbazioaren pekatua. XIX. mende bukaeran S:Tissot sendagileak dio banakako plazerrak direla tuberkulosia eta beste zenbait gaizotasunen errudunak. Gaur egun berriz, masturbazioa ia derrigorrezkoa da norbere gorputzaren ezagupenerako.
Arretaz zaindu beharreko beste termino bat normaltasunarena da. Zer da normala? Subjetiboki: nik egiten dudan gauza bera besteek egitea; Estadistikoki: Gehiengo batek egiten duena; Idealistikoki: Perfekzioa, gustatuko litzaigukeena; Kulturalki: nire herrikoek egiten dutena; klinikoki: Ikerketek adierazten dutenean gaizotasunen batekin zerikusia duena.
Baina, sexuaz ihes egiten duenak zein gaizotasun dauka? Kaltegarria al da sexoaz paso egitea proteinez paso egin daitekeen bezala? Antza gehiago al du bidai, abentura edo igeriketaz paso egitearekin?... ez da ohikoena baina ezta gaizotasun sortzailea ere... Arau klinikoak ez al dira hizkuntza zientifiko batez mozorroturiko iritzi kultural eta klasistetan oinarrituak egongo?.
Normaltasun arauen existitze hutsak ondorio psikologiko ezkorrak dakarzkio ezarritako bidetik ateratzen denari, "kontrol sozialaren" funtzioaz ezagutzen denarengatik, alegia. Arau klinikoetan gauzatzen dira baina hain pizuzkoa den adostasun soziala existituko ez balitz, zaila gertatuko litzateke berauek identifikatzea.
Zergaitik nahi dugu sexualki normalak izan? Pertsona batek bere buruaz duen iritzia, gainontzekoekin ezartzen dituen konparazioekin estuki lotuta dago. Konparazio sozialen arabera ebaluatzen du norberak bere satisfakzioa eta ez norberak ezartzen dituen arauen arabera, gainontzekoek egin eta lortzen dutenaren arabera baizik.
Giza erantzun sexualaren zikloa, orgasmoa alegia, historiaren une honetako normaltasun, naturaltasun eta osasun irizpide bilakatu da. Pertsona orori dagokion lege unibertsal, mugiezin eta presoziala izan nahi du... baina hau guziaren ikerketa sakona egitea beharrezkoa da.
Ezitazioa desioarekin nahasten du eta ez ditu esperientziarekin zerikusia luketen beste elementu ugari kontutan hartzen. Norberaren sexuazio prozesuak ematen digun "norbanakotasun kalitatearen" aurka, "estimulazio sexual eraginkorraren" definizioa ematen dute helburu berberarekin, giza erantzun sexualaren zikloa (orgasmoa) sortarazten duen estimulazioa, alegia.
Ezin dugu ahaztu gizon eta emakumeen sozializazioa balore sexual ezberdinen bidez ematen dela; gizona esperientzia ugaritasunera eta gratifikazio fisikora bideratzen da, emakumea berriz, intimitate eta emotibitatera. Sexualitatearen aspektu fisikoetara mugatuz gero eta gainontzekoak ahaztuz gero, giza erantzun sexualaren zikloak gizonaren baloreei egiten die mesede, emakumeen baloreak gutxietsiz. Eredua ez da errealitate objetiboa ezta unibertsala ere, uniformaltasun biologiko faltsua da.
Egile hauekin ematen den elkarrizketa teorikoan zenbait galdera agertzen dira: Nahiz eta kontutan hartu eredu hau gizonarengandik abiatzen dela,zein puntutaraino dago gizonarentzat egina? Genitaletara mugatzean ez al da gizonaren sexualitatea gutxiesten? Emakume asegaitzaren eredua, aktiboa, multiorgasmikoa, ez ote da plazer eta gorputz maskulinoaren ametsa? Hau al da emakumeen desioa? Hau guztia ez al da sexualitate femeninoa gizonezkoen eredura makurtu eta egokitzeko historian zehar ezagutu den ahalegin handienetako bat? Edo birsorkuntzarako eredua da?
Sexualitatean karga sozialak asko mugatzen du. Rol sozialek bi desiotara garamatzate, geure burua bizitzeko bi eratara, adierazteko bi era ezberdinetara. Fina Sanz-ek dioen bezala, haurtzaro eta gaztaroko hainbat jolasek, (ileapaindegiko simulazio jolasek, kilimek, masajeek, ...) geure gorputza bizitzeko modu zehatzetara garamatzate; hona hemen jolas mota horien zenbait ondorio:
..............................................................................................
XXI. mende atarian, gorputz femeninoan oinarritutako sexualitate berri bat eraikitzekotan bagabiltza ere, garbi dago jadanik plazerraren kontzeptu zabalago bat jorratu dela. Gorputz osotasunaren kontzeptuak, berriz, jende ororen desirak hartuko lituzke kontutan , pertsonarengatik abiaturiko desirak era berean, benetako hautaketa pertsonalak ahalbideratuko lituzkeelarik... hau guztia, psikoerotismo femeninoarekin batera doa, hasi beharko dugu, beraz, berau aintzakotzat hartzen.
ZIRRILDA sexu ikerketa eta hezkuntzarako kolektiboa.
![]() |